XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. TESTU BATEN IDAZKUNTZA 2.1. Sarrera.

Ohiturarik ez duen idazleak, idazlan bat burutu nahi duenean, ez daki aunitzetan nondik hasi: alde batetik, mementu horretako pentsamenduak adierazi nahi ditu, baina pentsamenduak ez datozkio hurrenkera egokian ordenatuak, nahaste eta bata bestearen gainean pilaturik baizik.

Bestaldetik, ordea, burura datorkiona alboan uzten baldin badu, izugarrizko arriskua dauka naturaltasuna galtzeko eta euskara artifiziala edo ulergaitza erabiltzeko.

Bi kontu horiek, bada, nolabait ere ezkondu behar ditu: adierazi nahi dituen pentsamenduak zein diren garbi izan eta pentsamendu horiek ordena egokian eman.

Batek etxeko norbaiti edo bere maitaleari gutuna idazten dionean estilo bat erabiltzen du.

Gutun hori lantegiko nagusiari, Euskaltzainburuari edo parlamentari bati bidali nahi baldin badio, ez du estilo bera aukeratuko.

Gutun bat idatzi beharrean, nobela baten kritika egin nahi izanez gero, hirugarren estilo bat hautatu beharko luke.

Eta horrela beste kontu guztiekin ere.

Lehenbiziko puntua dugu, beraz, erabili nahi dugun estiloa aukeratzea eta estilo hori idazlanean zehar ongi zaintzea.

Behin estiloa aukeratuz gero, idazlanaren oinarrizko unitatea zaindu behar du.

Unitate hori paragrafo edo pasartea da (hemen edozein hitz erabiliko da).

Paragrafoa puntu eta aparte batean bukatzen da normalean.

Baditugu, bada, bi elementu idazten hasteko: erabili, nahi dugun estiloa zehaztuko dugu lehenik eta egiteko idazlana paragrafoetan banatuko dugu.